REGGAE RAP KONEXIOA

ReggaeDubDancehall-rap-harremana

Oharra: Erreportaje hau 2004. urtean idatzi genuen garai hartan genuen jakintza eta medio mugatuekin. Interneteko konexio txukunik ere ez genuen etxean.. Irudiak (gehinak) ere muga horren adierazle dira...

---

 

JAMAIKAR MUSIKAREN MAITALEAK

Popularki Reggae bazala ezagutzen den jamaikar musika karibeko irla txiki batean jaio arren, isolatua geratzetik urrun, etengabeko harremana eta lotura izan du inguruan egiten ziren musikekin. Gertuko irletako musikarekin hasieran eta aurrerapen teknologikoek lagunduta (irrati aparailuen zabalkundeari esker bereziki) hurrunagoko lurraldeekin beranduago, Ameriketako Estatu Batuetako afroamerikarrek egindako musikarekin izandako lotura azpimarratzekoa litzateke. Harreman honen lehen urteetan, eragina norabide bakarrekoa izango da (AEBetatik Jamaikara) baina denborarekin norabidea bi zentzuetan emango da eta gaur egun, Ipar Amerikan egiten den musika beltza (rap, R&B...) eta mundu mailan egiten den musika elektronikoa (jungle, drum&bass, techno, house...) ulertzea ezineskoa litzateke hauengan jamaikar musikak izan duen eragina kontutan hartu gabe. Liburu asko idatzi beharko lirateke guztia azaltzeko (eta gurea baino ezagutza haundiagoa beharko litzateke) baina gutxienez, jamaikar musikak jaso eta suposatu duen eraginaren puntu batzuk azaldu nahiko genituzke, osotasuna ahaztu gabe, garrantzitsuak diren pintzelada batzuk emanez.


JAMAIKARRAK ERAGINPEAN

Jamaikar industri musikala martxan jartzen denetik harreman zuzena izan dute Jamaikako eta AEBetako musika beltzak. Harreman zuzen hau, 50. hamarkadan hasiko da, Jamaikako lehenengo sound systemetan AEBetatik inportatutako Rhythm&Blues-eko diskak pintxatzen hasten direnean. Hamarkada horren amaieran, jamaikar musikariek R&B musika imitatzen hasiko dira eta jamaikar diskagintza industriaren jaiotzearekin batera, Coxsone Dodd, Duke Reid eta garaiko lehen produktoreekin grabatzen hasiko dira. Ondoren, grabazio horiek, aipatu ekoizleen sound systemetan pintxatuko dituzte. 60. hamarkadarekin batera eta beti ere, AEBetako irratien bidez hasieran eta sound systemetan entzundako R&Baren eraginaz, Ska musika jaioko da. Bitartean, AEBetan R&Baren garapenak Soula ekarriko du eta Marvin Gaye, Otis Redding eta garaiko soul izar haundien dizdirak Bob Marley, Dennis Brown, Ken Boothe eta Alton Ellis bezalako jamaikar gazteak itsutuko ditu skaren abiadura gutxitu eta erritmo goxoagoekin osatutako Rocksteady-a sortuaz. 60. hamarkadan AEBetan giza eskubideen aldeko mugimendu indartsua egituratuko da eta neurri haundi batean, AEBetan hasieran eta Jamaikan ondoren, musika beltza izango da mugimendu horren bozeramale.

Curtis Mayfield, Gil Scott Heron, James Brown edota John Coltrane bezalako afro-iparamerikar musikarien mezuek jamaikar abeslari gazteengan eragina haundia izango dute eta early reggaetik edo lehenengo reggaetik, roots reggae edo reggae konprometituenerako bidean funtsesko eragina izango dute ( beste gertakari askorekin batera). Ikusten denez, hasieran aipatutako bi musika mundu hauen artean eragina zuzena izan da baina orain artean, norabide bakarreko bidea egin du; hau da, AEBetako musikak Jamaikar musikan izan du eragina eta ez alderantziz. 60. hamarkada hamaieran ematen den gertakari batek ordea eragina bi norabideetan ematea bideratuko du. Jamaikarrek, maila teknikoan zuten eskasia imaginazioarekin gainditzen zuten eta Osbourne Ruddock izeneko soinu teknikariaren trebeziak musika ulertzeko moduan iraultza ekarriko du. 

 

DJ Hype Niel. "African Vibez e Lazeme". Sound system at Long Bay, Negril, Jamaica. (Arg: Dubdem e FabDub. cc-by-2.0)

 

DUB-AREN SORRERA

Jamaikarrek 60. hamarkadan DUB-a (agian, hasiera batean behintzat, estiloaz baino grabazio teknikaz hitzegin beharko genuke) sortu zuten arte kantuak ikutu ezinak ziren. Behin abestia estudioan grabatu eta fabrikan prensatu eta gero betirako geratzen ziren kantuak ziren, bakarrak eta ikutuezinak. Jamaikarrek kantuen status honekin amaituko zuten. Musika munduan izugarrizko iraultza suposatuko zuen gertakari hau nola eman zen hobe ulertzeko sound systemetara bueltatuko gara. Askotan esan dugun moduan sound systemak Jamaikako dantzaleku mugikorrak dira. 50. hamarkadan, jamaikarrek (txiroek bereziki; hau da, populazioaren gehiengoa) musika entzuteko zuten aukera bakarra kalean jartzen ziren sound systemak ziren. Gutxi ziren Jamaikan musika zuzenean eskeintzen zuten aretoak eta horietan dirudunak soilik sartu zitezkeen. Horretaz gain, irratiak eskasak ziren eta beraz musika entzun nahi zuen kaleko jendea sound systemen inguruan biltzen zen. Sound Systemak soinu ekipoak baino askoz ere gehiago ziren. Jendearen artean pasioa sortzen zuten eta hil ala biziko pasioan bilakatzen ziren askotan. Irlako garrantzitsuenak Clement Coxsone Dodd (aurten utzi gaituen Studio One disketxeko sortzailea) eta Duke The Trojan Reiden sound systemak ziren (azken honek Treasure Isle disketxea sortuko zuen beranduago).

 

Duke Reid sound system. (soundsystemarea.com)

Benetako lehia zegoen jendea erakartzeko garaian. Lehiakortasun bortitz horren ondorioz sound systemak eboluzionatzen joan ziren eta horrela, musika jartzearekin batera, festa animatzen zuen hizlariak geroz eta garrantzi haundiagoa hartuko zuen. Mikroa eskutan eta kantuaren zati instrumentaletan hitzeginda,  DJ edo toasterrak ( horrela deitzen dituzte sound systemetan mikrofonoa hartu eta hitz egin edo kantatzen dutenei,  ez nahastu gaur egun erabiltzen den Disc Jockey hitzarekin) jendea zirikatu eta dantzan jartzeko helburua zuen. Hasiera batean, AEBan musika beltza jartzen zuten irrati esatarien hitzjarioa imitatzen saiatzen ziren eta denborarekin Toaster izeneko musika estilo propioa sortuko zuten reggaearen barruan. 


Jamaikan lehenengo grabazio estudioak martxan jarri bezain laster irlako musikariek arrakasta gehien zuen AEBetako musika bertsionatzen hasiko ziren eta Mentoarekin batera fusionatuta estilo berria sortuko zuten, ska musika. Skaren eboluziotik sortuko zen Rocksteady-a eta hortik Reggaea. Sound systemak izan ziren eboluzio guzti honen testigu pribilegiatuak eta jendea animatzen zuten hizlariak, DJ edo toasterrak, geroz eta garrantzi haundiagoa hartzen joan ziren. Errekonozimendua jaso zuen lehena Winston `Count¥ Machuki izan zen, bere ahotsa Baba Brooks Band taldearen “Alcatraz” kantuan entzun daiteke baina ez zuen apenas grabatu. Sir Lord Comic izeneko toasterraren ahotsa ere entzun daiteke estilo honetako ahotsak jasotzen lehenetarikoak diren “Ska-ing West” eta “The Great Wuga-Wuga” kantuetan. Dena den, urteetan Coxsone Dodden “Downbeat” sound systemean aritutako King Stitt izango zen arrakasta lortuko zuen lehena. Orohar. DJ edo toasterrak abestien zati instrumentaletan hitzegiten zuten baina laburregia geratzen zitzaien kantatua ez zen zatia. Bunny Lee izan zen singelen B aldeetan A aldeko kantuen instrumentalak ipintzen lehenetarikoa eta honela instrumental horien gainean DJ edo toasterrak gustora hitzegiteko aukera zuten. Osbourne Ruddock izeneko soinu teknikariak berriz aurrerapauso haundia emango zuen eta grabatutako kantuak manipulatu eta kantu horien nahasketa berriak egiten hasiko zen. Modu honetan sound systemetako toasterrei ahotsak sartzeko aukera berriak ematearekin batera musika egiteko eta ulertzeko modu berria asmatuko zuen: DUB musika.

King Tubby. Diskoaren azala. Label: Ranking Joe Universal.

OSBOURNE RUDDOCK “KING TUBBY”

Jamaikako sound systemetan soinuak garrantzi itzela du eta garaiko lehen sound systemen artean, Osbourne Ruddock zen soinu teknikaririk baloratuena. Txikitatik aparailu elektronikoengatik izugarrizko erakarpena izan zuen eta 1964ean Home Town Hi-Fi izeneko sound systema sortu zuen. Sound system honek izugarrizko arrakasta lortu zuen, besteak beste ekualizazioaren jokoarekin soinu berezia lortzen zuelako. Osbourne Ruddock izan zen grabatutako kantuak manipulatzen lehena. Ordurarte, ahots zatiak kendu eta instrumentalak kaleratzen zituzten baina bera izan zen kantuetan ahotsa zatiak mozteaz gain, ekoak, deelayak eta imagina daitezkeen soinu efekto zoroenak sartzen lehena (garaiko aparailuen mugak kontutan izanda oso lan artesalana zen). Ahotsak bigarren mailan geratzen ziren eta baxu eta bateriak (drum&bass) hartzen zuen protagonismo osoa. Hasiera batean, kantuen nahasketa berri hauek (remix kontzeptuaren aintzindari) sound systemetan erabiltzen ziren soilik eta selektoreen (musika aukeratzaileak) artean izugarrizko lehia zegoen bertsio hauek lortzeko garaian.

Kantuen lehen dub bertsioak (horrela deitzen zitzaien kopiak zirelako. Dub hitza ingelesaren “double”  hitzetik dator, bikoitza, kopia) 1967. urtean egin ziren eta 1973an jendearen izugarrizko eskaera zela eta komertzialki saltzen hasi ziren, hasieran singelen B aldeetan eta beranduago LP osoen Dub bertsioak egiten hasi ziren. Osbourne Ruddock izan zen dub bertsioak egiten lehena eta nahiz eta ondoren jarraitzaile ugari edukiko zituen ( Prince Jammy, Scientist, Prince Philip Smart eta Errol Thompson gertukoenak eta Lee Perry edota Mad Professor ezagunenak) bera izan zen dub bertsioen errege; hortik datorkio King Tubby ezizena, dubaren sortzaile eta maixu izan zen. 1989an grabazio estudiotik etxera zijoala tiroz hil zuten, lapurketa izan omen zen hilketaren arrazoia.

King Jammy. Diskoaren azala


JAMAIKARREN ERAGINA

Ikusi dugun moduan, Jamaikar musika ulertzea ezinezkoa izango litzateke kanpotik jaso duen eragin musikala kontutan hartu gabe (Jamaikarrak beraiek ere kultur desberdinen elkarezagutza eta nahasketaren ondorio dira) eta ikusi dugunez, jamaikar musika hasiera batean hartzaile hutsa izatetik hartzaile eta era berean emaile izatera pasako da. Dubarekin gertatutakoa adibide garbia da. Dub musika estilo modura eta dubaren teknika (kantuak teknika zehatz batekin berriro nahasteko prozesua) mundu osora zabaldu dira eta musika elektronikoa deritzon hori adibidez (eta oraindik zer ote den oso garbi ez dagoena) ez litzateke gaur egun ezagutzen dugun modukoa duba existitu izan ez balitz. 70. hamarkada hamaieran, Jamaikatik Ingaleterrara lan bila joandako milaka etorkinek reggae doinuak zabaldu zituzten London, Bristol, Birmingham eta antzeko hiri haundietan zehar. Reggaea kaleko musika zen, txiroen musika eta hasieratik ezaugarri berdinak zituen musikarekin, Punkaren kasu, harreman ona egin zuen. Hirietako auzo marginaletan bizi ziren gazte asko hasi ziren jamaikar musika entzuten eta reggae eta dubaren jarraitzaile sutsu bihurtu ziren. Adrian Sherwood izan zen horietako bat eta berak sortutako On-U Sound zigiluari esker dub eta punkaren nahasketa posible egin zuen. Gaur egun, On-U Sound disketxearen Pressure Sounds azpi zigilua da 70. hamarkadako reggae klasikoaren jarraitzaileen artean maitatuenetakoa garaiko kantak berreskuratzeko egin duen lan eskerga dela eta. Teorian reggaea egiten ez zuten talde askorengan jamaikar musikak zuen eragina izugarria izan zen; The Clash, The Police edota Cabaret Voltaire izan daitezke, askoren artean,  garaiko adibide garbiak.

Adrian Sherwood.

DUB ETA ELEKTRONIKA

70. hamarkadan reggae eta punk musikaren arteko harremana estua izan bazen 80. hamarkadarekin batera eta aparailu elektronikoen garapenarekin batera jamaikar musika eta musika elektronikoa deritzonaren harteko maitasun gorroto harremana sortuko zen. David Byrne, Brian Eno edota Bill Laswell bezalako esperimentatzaileek dubaren teknika eta testurak erabili dituzte beraien proiektu desberdinetan (dance noise terror deitu zen horretan, dub, funk eta musika industrialaren nahasketarekin).

Horien jarraitzaile Renegade Soundwave, Meat Beat Manifesto, Screaming Target edo beranduago technoarekin batera uztartzen zuten Dreadzone, Groove Corporation, Leftfield, Zion Train edota Rockers Hi-Fi. Ugari dira musika elektronikoaren barruan dubarekin erlazionatzen diren azpi estiloak; ambient dub ( The Orb, Higher Intelligence Agency...), illbient (DJ Spooky), sub-dub (Rhythm &Sound, Dub Funk Association...) eta nahiz eta musika hauek, gehienetan,  ez musikalki eta ezta ere sormen prozesuari dagokionez, ezin diren dubaren azpiestilo bezala sailkatu, guztiak dubaren eraginpean jaio eta garatu diren musikak dira (aparteko tartea mereziko luke adibidez Bristol hiriak eta bertan sortutako talde, proiektu eta doinuak; Massive Attack, Smith & mighty, Henry & Louis, Tricky, Portishead...).

 

Kontaezinak dira jamaikar musika eta musika elektronikoaren arteko lotura erakusten duten musikak, asko dira jarri daitezkeen adibideak bainan agian, horien artean, azkena (edo behintzat oihartzun haundia izan duen azkena) “Two Culture Clash” izeneko proiektua da. Wall of Sound disketxeko Mark Jones eta Jon Baker, Jamaikako GeeJam grabazio estudioetako nagusiaren arteko harremanetik sortutako egitasmo honetan, batetik, gaur egun musika elektronikoaren munduan dauden produktore, diska jartzaile eta sortzaile ezagunak eta bestetik, Jamaikar musikaren ahots esanguratsuak elkartu eta diska kaleratu dute. Musika elektronikoaren aldetik, besteak beste, Howie B, Roni Size, Jon Carter, Justin Roberson edota Mark Rae daude eta reggae musikaren ordezkari berriz, besteak beste, Big Youth, Patra, General Degree, Horace Andy edota Ward 21. Harreman hauek interesgarriak izan arren ez dute beti bilatzen duten emaitza lortzen.

 

REGGAE RAP KONEXIOA. ANAI ARREBAK ALA AITA SEMEAK?

Dancehall eta Hip-Hop mugimenduak dira gaur egun, Jamaika eta AEBetan gazte jendearen artean bereziki izugarrizko indarra duten mugimenduak. Eta mugimenduak diogu musikaren esparrutik aratago doazen fenomenoak direlako eta musikaz gain, bizitza ikusteko, aztertzeko, ulertzeko eta garatzeko moduarekin zerikusia dutelako. Rap eta dancehall musika estiloak 70. hamarkadan sortu ziren eta bien arteko lotura fisikoa mikrofonoa eta bi platoetatik dator, elementu amankomuna. Kontzeptu bezala ordea, Jamaikar dancehall edota dantzalekuen kultura zaharragoa da eta erreportaiaren hasieran aipaturiko 50. hamarkadan sortutako sound systemetatik dator. Hauetan, musika aukeratzailea edo selektorea eta festa animatzaile, MC edo toasterra dira funtsesko osagaiak.

Festa animatzaileen artean King Stitt aipatu dugu aintzindari modura baina asko izan dira bere atzetik etorriko zirenak ( U-Roy, Big Youth, I-Roy, Dillinger, U Brown...). Musika aukeratzaile edo selektoreen artean berriz Tom The Great Sebastian azpimarratu nahiko genuke bera izan zelako bi plato (diska giratzaile) batera erabiliko zituen lehena eta era honetan gaur egungo Disck Jockey-en aintzindarian bilakatu zen. 1967an Kool Herc izeneko jamaikar gaztea, irlako beste gazte txiro asko bezala, New York hirira emigratzen du bizimodu hobeagoaren bila. Laster hasiko da parkeetan eta ahal duen edozein lokaletan festa eta sound systemak jamaikar erara antolatzen. Iraultzaren haziak landatuak daude. Hasieran reggaea eta denborarekin funk eta disco musikak uztartuko ditu. Sona haundiko festak izango dira eta festa hauen jarraitzaileen artean, New Yorken bizi baina jamaikar odola duen Grandmaster Flash dago, handik gutxira diskak jartzeko eran berrikuntzak asmatuko dituena, scratchak eginez eta diskak nahasteko teknika berriak sortuaz.

Diskak ipintzeko eta kantuak nahasteko teknikak garatzearekin batera, mikrofonoa eskutan festak animatzen dituzten MC-en hitzajarioak ere garatzen joango dira rapeoaren oinarrizko zutabeak osatu arte. Guzti honi Graffitia, Break Dantza, erritmo kutxak eta kaleko B-Boyak gehitu eta Hip-Hop mugimendua osatu dugu. 80. hamarkadan gaude eta jakina denez orain kontatu dizuegun historioa ez da hemen amaitzen. Musika, izaera bizia duen neurrian, etengabe garatzen eta aldatzen den energia da eta Jamaikan garai hartan sortutako dancehall-a eta AEBetako rap musika etengabe garatzen joango dira. Lehenengo dancehall-aren garapenak gaur egungo ragga eta dancehall musikak ekarriko ditu eta raparekin antzekoa gertatuko da. Garapen honetan faktore askok hartu dute parte baina bereziki aparailu elektronikoetan aurrerapenak eta estilo bakoitzak bestearen gain izan duen izugarrizko eragina azpimarratuko genituzke (Prince Jammy, Sugar Minott, Barrington Levy, Chaka Demus & Pliers, KRS-One, Run DMC, Queen latifah, Shabba Ranks, Patra, Buju Banton, Super Cat, Shaggy, Bounty Killer, Kenny Dope, Tenor Saw, Daddy Freddy, Sly & Robbie, Cutty Ranks...).

Sly Dunbar eta Robbie Shakespeare. Arg: Tim Dunkan. CC-BY-SA-3.0

 

Ezinezkoa litzateke gaur egun egiten den rap edo reggaea ulertzea batak bestearen gain izan duen eragina ulertu gabe. Maitasun gorroto harreman honek emaitza ziraragarriak eman ditu orain artean eta etorkizunean emango dituenak ezagutzeko eta gozatzeko irrikitan gaude. Eta zuek?

                        ARITZ SOUND SYSTEM